Badugu urtean hilabete berezi-berezi bat: abendua. Jai egunekin gozatzen hasteko, Euskararen Eguna ospatu genuen hilaren 2an (ostirala) eskolan.
Girotzeko, bezperan Enkarni Genua txotxongilolari ospetsua izan genuen gurean. Aurten Agenda 21ekin lotutako “Erreka Mari” saioa antzeztu zuen. Umeak naturaren zainketaren inguruan kontzientziatzeko eta, bide batez, haien irudimena zabaltzeko sorturiko lana da hori.
Ostiralean, berriz, jai giroan jarraitu eta ekitaldi berezia izan genuen. “Euskaraz gora-gora izarretaraino” leloa lagun, eskola izarrez bete zuten batzuek, eta euskararen aldeko lelo berriak sortu zituzten.
Beste batzuek, pozez zoratzen, Olentzerori gutuna idatzi zioten, oparitxoren bat ekarriko dien itxaropenez.
Eskaileratatik gora eta behera ibili ziren beste asko, eskola guztitik eranskailuak banatzen. Hura bai saltsa!!!
Koxkorrenek karaokean gozatzeko aukera izan zuten.
Azkenik, Herri Kiroletan parte hartzen bai gustura! Sokatira, txingak, lokotsak biltzea… Musika itzali arte aritu ginen.
Hainbeste ospakizun ondoren, galdera bat botako dizuet… Zer egin dezaket nik euskararen alde?
Gogora dezagun Euskararen Eguna 365 egunetan ospatu behar dugula.
Gora gure euskara maitea!!!